Bilatu web honetan

 
  • castellano
  • euskara

Lekuko Erabiltzaileak

Arautegia

Hasieratik bertatik, sarrera librea eta doakoa da, eta NANa edo agiri baliokide bat baino ez da erakutsi behar lekuko erabiltzailea izateko eta horretarako prestaturiko gelan dokumentazioa aztertu ahal izateko. 1994az geroztik, agiriak gelan bertan kontsultatzeko arautegi bat dago indarrean, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko eliz artxiboek adostutakoa, hain zuzen ere. Jendearentzako arreta arloak, behar den zerbitzuaren arabera, aldi baterako baimena edo ikertzaile agiria emango du. Aldi baterako baimenak egun baterako balioa baino ez du izango. Ikertzaile agiria, ostera, lau urtera iraungiko da eta Gasteizko Elizaren Histori Artxiboan eta Donostiako Elizaren Histori Artxiboan ere balioa izango du, baina ez beste edozein elizbarruti- eta parrokia-artxibo edo erakundetan. Artxiboen Elizbarruti Zerbitzuak oraindik parrokietan eta beste elizbarruti-erakunde batzuetan dauden funtsak kontsultatu ahal izateko arautegia argitaratzea aurreikusi du. Ikertzaile agiria luzatzeko, karneteko bi argazki aurkeztu eta horretarako prestaturik dagoen fitxa bete beharko dira. Bete beharreko fitxan norberaren datuak (izen-abizenak, jaiotze data, helbidea, ikasketak, lanbidea eta argitalpenak) eta ikertu nahi den gaiari buruzko datuak jasoko dira. Fitxa horretan argazki bat eta erabiltzailearen sinadura azaldu beharko dira eta, horrela, AHEB-BEHAn indarrean dagoen arautegia beteko dela onartuko da. Ikertzaileen fitxategian jasoriko datu guztiak artxiboaren barne erabilerarako dira; beraz, ezin izango zaizkio kanpoko inori datu horiek eman, ezta datuon bidegabeko erabilerarik egin ere. Iraungitako agiriak artxiboak berak berriztu beharko ditu eta, horretarako ere, ikertzaileen altetarako erabilitako urrats berberak egingo dira, baina zenbaki berbera emanez kasu horretan. Lekuko erabiltzaileen zenbakiak norberarenak eta besterenezinak dira. Baten batek ikerkuntza gelan beste erabiltzaile batzuekiko edo artxiboko langileekiko jarrera txarra badu edo agiria behar bezala erabiltzen ez badu, erabiltzaile horri baja ematea erabaki lezake Arkibuak.

Goiz osoan edo arratsalde osoan dokumentazioa kontsultatzeko mikrofilm irakurle bat erreserbatu nahi izanez gero, ezinbestekoa da aurretiaz deitzea. Ordutegia luzatu dugunetik agiriak kontsultatzeko ordua astebete lehenagotik eman dezakegu eta, badakigu jakin, ordutegi jarraia jarriz gero aurretiko zitak emateko zerbitzua ken genezakeela, baina, oraingoz, dugun aurrekontuarekin eta langile kopuruarekin ez dugu kalitate osoko arreta bermatzeko beste biderik. Aurretiko zita emateko zerbitzua ezarri genuenetik urteko erabiltzaile kopurua areagotu egin da aurreko bosturtekoarekin alderatuz gero, baina, hala ere, ez da 1981-1986 aldiko kopurura iristen. Bosturteko hartan, halaber, zenbait arratsaldez ere irekita egoten zen artxiboa. Aldi berean, lekuko erabiltzaileen eguneroko kopurua egonkortzen ari da.

Erabiltzailearen profila

1976az geroztik, arkibura etorri izan diren ikertzaileak eta egin diren kontsultak erregistratu izan ditu zentroko idazkaritzak. Hasierako urteetan eskuz idazten ziren, baina gero Dbase III datu basean jaso ziren eta 1998az geroztik, AdHoc sistema ere ezarri dugu, Artxiboko zerbitzu guztien kudeaketa integrala egiteko. Hori, halaber, zabaldu egingo da, erabiltzaile birtualen kudeaketarako intranet ezarri eta SIGA (Artxiboen Kudeaketarako Inet Sistema) sortu direlako.

Estatistika guztiak aztertuz gero, Bizkaiko Elizaren Histori Arkibuan, 1976az geroztik izan ditugun erabiltzaileen profila zein den jakin dezakegu. Luzatutako baimen kopurua 448 (1976 eta 1980 artean) eta 1.318 (1981 eta 1986 artean) artekoa izan zen. 1987tik aurrera kopuruak behera egin zuen eta hurrengo bi bosturtekoetan nahiko egonkorra izan zen (urtean 145 eta 170 artean, batez beste). 1999 eta 2001 artean urteko batez bestekoak gora egin zuen, 215 baimen, hain zuzen ere. Baina zenbaki horretan ez dira aldi baterako baimenak jaso, zeintzuek guztira 40 izan baitira 2001az geroztik. Datu horiek kontuan hartuta erabiltzaileen %61 gizonezkoak eta %39 emakumezkoak direla egiazta dezakegu. Erabiltzaileen adinari buruzko datu zehatzik ez dugu, datu horiek ez direlako jaso izan beti edo, zenbait kasutan, ez direlako egiaztatu. Dena dela ere, urte horietan guztietan, adin zerrendaren ertzak gero eta gehiago zabaldu direla soma daiteke; izan ere, azkenaldian, 20 urte baino gutxiagoko (ikasketa lanak egiteko) jende gehiagok jo izan du Arkibura informazio bila eta 65 urte baino gehiagokoen kopuruak, aldiz, bere horretan jarraitu du. Azkeneko horien arteko gehienak, halaber, gizonezkoak dira.

Arkibuko erabiltzaileen bizitokiari dagokionez, ehunekoak apenas aldatu diren hogeita bost urteotan. Erabiltzailerik gehienak bizkaitarrak (%80 baino gehiago), gipuzkoarrak (%5) eta arabarrak (%3) dira. Erabiltzaileen %5 Espainiako hainbat lekutakoak dira eta %1,5, ostera, beste herrialde batzuetakoak, hegoamerikarrak eta estatubatuarrak batez ere. 1987 eta 1992 artean, ordea, azken kopuru hori %3koa izan zen. Ikasketei eta lanbide-kategoriari dagokienez, gure erabiltzaileen profila asko aldatu da. Ikasle kopurua, batez ere letretakoena, oso handia izan zen hasierako bosturtekoetan (345 1976 eta 1980 artean; 756 1981 eta 1986 artean). Horrek badu azalpenik, izan ere, garai hartan arkibuak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza bat baino gehiago izan zituzten eta Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letretako Fakultateko Historia ikasleek ikerkuntza lan bat aurkeztu behar izaten zuten nahitaez karrerako azkenengo urtean. 1987az geroztik, ordea, beren burua ikasletzat aurkezten zutenen kopuruak nabarmen egin du behera. Beste alde batetik, ikertzaile baimena jaso duten pertsonen lanbide-kategoria eta kualifikazioa askotarikoa da. Honakoen kopuruak, esate baterako, gora egin du: etxekoandreak (1976 eta 1980 artean 3 eta 1999 eta 2001 artean 24), langileak (670 1987 eta 1992 artean), funtzionarioak (12 1999 eta 2001 artean). Langabeen kopurua ere handitu egin da (12 azkeneko hiru urteetan). 1987. urtetik aurrera erretiratuen kopuruak nabarmen egin zuen gora (aurreko bosturtekoan 68 erregistratu ziren eta 1987 eta 1992 artean, ostera, 117). 1999az geroztik, ordea, erretiratuen kopurua nahiko egonkorra da, 68 erabiltzaile ingurukoa.

Urteen joanean, lanbide asko eta askotako erabiltzaileak izan ditugu arkibuan. Barietate hori guztia nabarmendu nahi dugu arkiburako sarrera sekula ere ez dela mugatuta egon eta sekula ere ez dela gomendiozko gutunik edo ikasketa titulu jakinik eskatu erakusteko.

Aipaturiko datu horiek ikerketa gaiei dagozkienen oso bertsuak dira. Ikertutako gaien artetik ugariena genealogia eta famili historia da. Gure arkibuko erabiltzaileen arteko %80 baino gehiago beraien arbasoei buruzko datu bila etortzen dira, besteak beste, izen-abizenak aldatzeko, agiriak zuzentzeko, famili jatorriaren berri jakiteko, sasikoen kasuan Gizarte Segurantzako artxiboetara zein zenbakirekin joan behar duten jakiteko; zenbait kasutan jabetzak egiaztatzeko eta herentziak eskatzeko, izan ere, ez dezagun ahaz erregistro zibilak ezarri ziren arte (1870 eta 1872 artean) parrokietako erregistroek populazioari buruzko datu fidagarriak eskaintzen zituztela eta elizako dokumentazioko parte batek izaera juridikoa duela, hau da, frogagiritzat erabil daitekeela kasu batzuetan. Parrokiek eta Gotzaintzako notariak ere ezkontza espedienteei edota bataio-agiriei buruzko datu zehatzak eskatzen dituzte, azken horiek, esaterako, arkibuak kanpotik jasotzen dituen eskaeren %10 baino gehiago dira. 1981 eta 1992 artean baino ez, genealogista kopurua %65era jaitsi zen, baina, bestalde, historiako ikerketak egitera artxibora gerturatu ziren erabiltzaileen kopuruak gora egin zuen. Laurogeita hamarreko hamarkadan, ikerketa genealogikoen gorakadarekin batera, ikerketa historikoek behera egin zuten. Baina beherakada horrek badu azalpenik, izan ere, historia fakultateetan gero eta ikasle gutxiago zegoen eta gizarte historiari buruzko doktore tesiak egiteko diru-laguntzek behera egin zuten.

Genealogia ez diren ikerketa gaien %15 hori aztertuz gero, Arkibuan gordeta dauden dokumentazio fondoen askotarikotasuna eta aberastasuna oso handia dela jabetzen gara. 1976 eta 1992 artean Arkibuan egindako historia ikerketa guztien arteko %15 baino gehiago ikerketa demografikoak (hainbat arlo: migrazioak, heriotza, jaiotza eta ezkontza tasak) eta lekuko historiaren lan monografikoak (Bizkaiko Foru Aldundiak emandako beken bidez) dira. Era berean, Bilboko Elizbarrutiko monumentuen katalogoa egin zenez gero eta Bizkaiko ermitei buruzko doktore tesia egin zenez gero, Artxiboaren hasierako hiru bosturtekoetan fabrika-liburuetan jasoriko eduki artistikoen kontsultak izan ziren nagusi, eta gero, hurrenez hurren, erlijiotasunari, toponimiari, onomastikari eta biografiei buruzko kontsultak. Gai horiek bere horretan jarraitu dute 25 urteetan eta, aldi berean, gero eta gai gehiago ikertzen dira, hala nola, tekla musika, euskarazko sermoiak, baso-soiltzeak, txakolina, kleroa karlistadetan, nabigazioko istripuak, heriotza arrazoiak, herri musika, klima prozesioen ostean, baserriak, zubiak eta tokiko botereei eta ministroei buruzko zenbait ikerketa, baita erregistro zibilerako datuak berreskuratzeko ere. Badakigu jakin gure deskripzio tresnak gero eta zehatzagoak izan ahala eta denetariko paperen anabasa atondu ahala, deskriptoreen bidezko kontsultak eta zerbitzu digitalaren sorrerak elizako funtsak hobeto ezagutzen lagunduko digutela eta kontsultatzeko gaiak ere ugariagoak izango direla. Beste alde batetik, parrokietako indexazioa ari gara jartzen abian eta, horri esker, hainbat gauza ikertu ahal izango dira; besteak beste, abizenen eta toponimoen bilakaera, izen bat edo beste bat jartzeko ohiturak, apaizen lekualdaketak eta elizakoak erregistratzeko inprimakiak betetzerakoan sinodoko konstituzioei gordetako leialtasun handiago edo txikiagoa. Halaber, ez dugu ahaztu behar, besteak beste, hizkuntzalaritza eta grafologia azterketak egiteko ere bide bat baino gehiago daudela bertan.

Ikertzaileentzako Informazioa

Ikertzaile-zenbaki / agiridun erabiltzaileentzat

Erabiltzaile-zenbakia (ikertzaile-agiria) baduzu ez duzu berriro erregistratu beharrik, baina alta eman zure erabiltzaile-klabeari sisteman. Nahi duzunean alda ditzakezu zure datuak. Datuen egiazkotasuna komenigarria da, zure eskaerari egoki erantzun diezaiogun eta eskatutako dokumentazioa bidal diezazugun. Sakatu hemen erabiltzaile-klabea aldatzeko.

Erabiltzaile berrientzat

AHEB-BEHAri eskaerak egiteko, zeure datuak sartu behar dituzu "Erabiltzailearen datuak" formularioan. Bete beharreko esparruak daude, funtsezkoak dira-ta eskatutako dokumentazioa jasotzeko; dena dela, edozein unetan alda daitezke. Datuen egiazkotasuna komenigarria da, zure eskaerari egoki erantzun diezaiogun eta eskatutako dokumentazioa bidal diezazugun. Sakatu hemen erablitzaile barria izateko..

Datu pertsonalak

Datu pertsonalak, ikasketak, lanbidea eta zure ikerketa biltzen duen arloa sartu.

    Sisteman sartzeko datuak

    Lehentasunezko hizkuntza, zure posta elektronikoa eta erabiltzailearen klabea sartu. Klabe hau zure erabiltzaile zenbakiari lotuta egongo da eta sistemak berak emango dizu automatikoki (erabiltzaile berriak bakarrik). Erabiltzaile-zenbakia nahiz klabea pertsonalak eta transferiezinak dira.

    Ikerketarako datuak

    Ikerketaren hasiera-data sartu, ikerketa-gai bat aukeratu, eremu geografiko eta/edo kronologikoa eta ikerketa mota aipatu. Ikerketa-gaiari buruzko beste datu batzuk eta, nahi izan ezkero, argitalpenak sar daitezke.

    Azkenik, pribatutasun-baldintzak onartu beharko dituzu eta AHEB-BEHAren ekintzei buruzko aldizkako informazioa posta elektronikoz jaso nahi duzun ala ez jakinarazi.

    Pribatasun-baldintzak

    Emandako datuak AHEB-BEHAren barne erabilerarako dira bakarrik. Datuen titularrek espreski baimendu behar dute beren datuen jasotzea, haien tratamendua eta AHEB-BEHAren barruan, zerbitzuak emateko beharrezkoak diren helburu eta ekintzak garatzeko, egin daitekeen datuen edozein komunikazio edo lagapen. Datuen Babeserako (LOPDAT) indarrean dagoen 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluaren arabera, datuen titularrek Lege Organiko horretan eta garapenerako arautegian onartutako sartze, zuzentze, baliogabetze eta kontrakotasun eskubideak gauzatu ahal izango dituzte. AHEB-BEHAk bidezkotzat jotzen dituen segurtasun arau eta neurri guztiak onartuko ditu, zerbitzuen erabilera ona eta konfidentzialtasuna bermatzeko, eta erabiltzaileen datuak babesteko. Erabiltzaileek beren onespena eman ahal izango dute AHEB-BEHAren ekintzen berri edo web orrialdearen eguneratzeak jasotzeko.

    ekoscan

    UNESCO Archives Portal
    Listado en el Portal de Archivos de la Unesco

    ica
    Member of ICA

     

     

    plan avanza

    Icaro Historiaren Ezaguera Aurreraturako Zentroa Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak be finantzatu izan dau, Ikerketa Zientifiko, Garapen eta Barrikuntza Teknologikorako 2008-2011 Egitasmo Nazionalaren barruan. Txostenaren zenb.: TSI-070300-2008-179

     

    SIGA-AKIS (Sistema Inet de Gestión de Archivos / Artxiboen Kudeaketarako Inet Sistema) patrocinado por:

    Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco irargi - centro de patrimonio docuemntal de Euskadi

     

     

    Harremanetarako

    Larrauri kalea, 1 A, 5. solairua
    48160 DERIO
    Bizkaia
    Tel.: 944062490
    Faxa: 944062491

    e-posta: info@aheb-beha.org